energía eólica
- 1. Teknol.
Haizearen energia zinetikoaz baliatuz lortzen den energia.
Berez, haize-energia haizearen energia zinetikoa bera da, baina energia hori erabiliz ekoizten den energia elektrikoa izendatzeko erabiltzen da, batez ere teknologia-arloan.
- 1. Teknol.
- Haizearen energia zinetikoaz baliatuz lortzen den energia.
Haize-energia Edit
Egilea: Elhuyar
Haizea airearen dentsitate desberdinen ondorioz atmosferan sortzen den aire-mugimendua da (haize). Dentsitatea, ostera, Eguzkiak Lurraren azala neurri desberdinean berotzen duelako aldatzen da. Munduan, haize-energia bihurtzen den eguzki-energia 10 × 106 kilowatt·orduko energia sortzeko adinakoa dela kalkulatzen da, eta horrek aise gainditzen du gaur munduan dagoen energia elektrikoaren eskaria. Haize-energia, haize-sorgailuen bidez, energia elektriko bihur daiteke.
Historian zehar, hiru makina eoliko mota nagusi izan dira: betiko haize-errota, beso anitzekoa (batez ere ura ponpatzeko) eta bizpahiru besoko helize aerodinamikoa duen sorgailua.
Haize-energiaz baliatzeko oinarrizko teknikak
Funtsean, historian zehar erabilitako makina eolikoak bi multzo handitan bil daitezke, funtzionamenduaren arabera. Lehenengo multzoko makinetan, errotorearen besoak haizearen bulkada zuzenaren eraginez biratzen dira. Makinaren ardatza abiadura aski txikian biratzen da (ezin du haizearen abiadura gainditu), eta sorgailuaren ardatzean biratze-abiadura egokia lortzeko bideak errendimendu-galera eta sistemaren konplikazio handia dakartza berekin. Nolanahi ere, makina horiek azalera handia izaten dute haizeari begira eta, hori dela eta, aski da haizearen mugimendu txikiena besoak biraka has daitezen. Multzo honetan beso anitzeko errota tradizionalak eta Savonius errotorea (ardatz bertikalekoa) daude, besteak beste. Guztiak bakunak eta errendimendu txikikoak dira.
Bigarren multzoko makina eolikoek hegazti eta hegazkinek hegan egiteko erabiltzen duten printzipio bera darabilte, eustea alegia. Helize aerodinamikoetako besoen ebakidura berezia dela eta (normalean profil lau-ganbilak erabiltzen dira), haizeak abiadura desberdina hartzen du besoaren alde batetik eta bestetik igarotzen denean. Alde ganbiletik haizea arinago igarotzen da alde lautik baino, eta presio-diferentzia sortzen da besoaren bi aurpegien artean. Euste-indarra sortzen da, eta horixe da besoak ardatzaren inguruan birarazten dituena. Haize-sorgailu hauek aurrekoak baino eraginkorragoak dira, eta sistema hau da gaur egungo haize-sorgailuetan erabiltzen dena (haize-sorgailu).
Abantailak eta desabantailak
Ingurumenaren ikuspegitik, hainbat dira energia elektrikoa ekoizteko haize-energia erabiltzearen abantailak. Alde batetik, ez da poluitzailerik isurtzen, ez hondakinik sortzen. Bestalde, agorrezina eta segurua da, haizeak, gehiago edo gutxiago, herrialde guztietan jotzen duelako. Gainera, haize-parkea kendutakoan, material gehienak birziklatu egin daitezke, eta haize-parkea izandako lekuan ez da materialik geratuko. Azkenik, haize-parkeen instalazioa bateragarria da lur-sailen beste erabilera batzuekin.
Aurrekoez gain, haize-energiak baditu beste abantaila batzuk. Esaterako, energia-iturri autoktonoa denez ez du beste herrialdeekiko menpekotasunik sortzen. Bestalde, energia-balantzeari dagokionez, haize-sorgailu bat egiteko erabiltzen den energia urtebeteko epean berreskuratzen du haize-sorgailuak. Azkenik, oso energia errentagarria da, eta kWh-aren prezioa lehiakorra da energia-iturri nagusiekin.
Desabantailen artean, berriz, aipagarrienak hegaztiengan (besoetan harrapaturik geratzen dira) eta paisaian duten inpaktua, biodibertsitatean eragiten duten kaltea, zarata (mekanikoa eta aerodinamikoa), parkea instalatzeko egin beharreko lur-mugimendua eta komunikazio-sistemekin gerta daitezkeen interferentzia elektromagnetikoak dira. Gainera, energiaren produkzioa ez da jarraitua, beti ez baitabil haizea, eta zaila da metatzen.
Hala ere, bai lehorreko bai itsasoko haize-parkeak energia-iturri garbitzat jotzen dira konbentzionalen (termiko, nuklear eta hidroelektrikoen) aldean, ez baitute poluitzailerik isurtzen. Toki egokian kokatutako 600 kW-eko haize-sorgailu batek (40 metroko dorrea eta 20 metroko besoa duenak) urtebetean 2.000 MWh eman ditzake. Energia-kantitate bera ekoiztean, harrikatza erretzen duen ohizko zentral termiko batek 2.000 tona CO2, 38 tona SO2 eta 6 tona NOx aireratzen ditu gutxi gorabehera. Beraz, haize-sorgailu bat erabilita, emisio horiek denak ez aireratzea lortuko litzateke. CO2-isurtze hori urtebetean ehun mila zuhaitzek fotosintesian xurgatzen duten CO2-kantitatearen baliokidea da.